
Erika Baikoff soprano errusiar-amerikarrak Metropolitan Operako Lindemann Young Artist Development Program-en parte hartzen du gaur egun; denboraldi honetan, Xenia (Boris Godunov) eta Barbarina (Le nozze di Figaro) abestuko ditu. 2018 eta 2020 artean, berriz, Lyongo Opera Nazionaleko Studioko kide izan zen Erika; bere paperen artean, Le Feu/Princesse/Rossignol (L 'enfant et les sortilèges) edo Anna (Nabucco) daude. Duela gutxi, Mahlerren laugarren sinfonia abestu du, Lyongo Opera Nazionaleko Orkestrarekin. Erikak lehen saria jaso zuen, 2019an, Nazioarteko Lied Helmut Deutsch Lehiaketan eta Nadia et Lili Boulanger Lehiaketan. 2021ean, Atelier Lyrique taldeko kide izan zen, Verbierreko Jaialdian, eta Musetta (La Bohème) abestu zuen bertan. Princetongo Unibertsitateko Giza Zientzietako diplomatura eta Guildhall School of Music-eko Musikako masterra ditu.

Julius Drake Londresen bizi da, eta bere esparruko instrumentistarik onenetakoaren ospea du nazioartean, munduko artista onenetako askorekin elkarlanean aritzen baita. Honela deskribatu du The New Yorkerrek: “piano-jotzaile laguntzaile paregabea”. Erregulartasunez agertzen da auditorio eta musika-jaialdi nagusietan. Abestiarekiko duen zaletasun sutsuak gonbidapenak sortu dizkio Londresko Wigmore Hall, BBC eta Amsterdameko Royal Concertgebouw-rako kantu-sailak diseinatzeko. Bere urteroko kantaldi-sortaren bidez – Julius Drake and Friends –, abeslari aipagarri ugarirekin egindako errezitaldiak eskaini ditu Londresko Middle Temple Hall historikoan: Thomas Allen, Olaf Bär, Ian Bostridge, Angelika Kirchschlager, Iestyn Davies, Veronique Gens, Felicity Lott, Simon Keenlyside, Christopher Maltman edo Christoph Prégardienekin, besteak beste.


